XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

30. Bostgarren. Bazihoan behin bere jaieraz, Manresatik mila bat baino pixka bat haruntzago zegoen eleizara.

San Paulo deritzala uste dut, eta bidea ibai ondoan zihoan.

Eta horrela bere deboziotan zihoala, eseri egin zen pixka bat ibaiari begira; ibaia behean zihoan.

Eta han eserita zegoela, adimen-begiak zabaltzen hasi zitzaizkion; ez zuen bisiorik ikusten, baina gauza asko ulertu eta jakin zuen, bai espiritu-gauzei, bai sinismenari, bai jakintzari dagozkionak.

Eta hain argi!, gauza guziak berriak iruditzen zitzaizkion (g) Eta haren adimena hain argitua gelditu zen, gizon berria zela eta adimen berria zuela iruditzen zitzaion.

Eta orduan ulertutako gauzak, ezin esplikatu dira banaka, asko badira ere, adimenean oso argi haundia hartu zuela baizik.

Eta hain haundia izan zen!, bere bizi guzian hirurogeita bi urtebete arte, Jainkoagandik hartutako laguntza guziak biltzen baditu eta denak batean jartzen, ez zaio aldi bakar hartan aina iritsi izan duenik iruditzen.

31. Eta honek aldi puska bat iraun ondoren, han urrean zegoen gurutzearen aurrera belaunikatzera joan zen, Jainkoari eskerrak emateko.

Eta han agertu zitzaion, askotan agertu ohitako eta behin ere ez ezagututako bisioa, hau da, gorago esandako itsura ederreko gauza, begi asko duna.